Seguidores

lunes, 28 de febrero de 2011

Txakur kakak.

            Beti pentsatu izan da txakurra dela gizonaren lagunik onena. Dirudienez, animalia hauek ez ditugu hain lagunak izaten haien zahiak jasotzea egokitzen zaigunean, alabaina. Eta herriko kaleetan geroz eta nabariagoa dugu txakur kaken presentzia.
            Ulertzekoa da ez atsegin izatea inoren kakak lurretik jaso beharra, baina norberak, horrelako animalia bat etxean sartzea erabakitzen duenen, kontziente izan beharko luke horrek dakartzan ondorioez.
            Azken aldian ia ezinezko suertatzen da etxetik atera eta kalearen beste aldeko okindegira txakur kaka batekin gurutzatu gabe pasatzen lortzea. Denoi gustatzen zaigu kaletik goazenean kakak saihesten ibili gabe paseatzea, baita txakurren jabeei ere. Horregatik, garbitasunak eskubidea izan beharko luke eta ez eskatu beharreko zer edo zer.
            Gainera, txakurrak leku publikoetan paseatzen direnean, kontuan eduki beharko litzateke leku hori herriaren parte dela eta, beraz, denona den zerbait dela. Hau da, denona den lekua denez gero, txukun mantendu behar dela, eta hormigoiak ez duela ongarrien beharrik.
            Txakurrak berak beren kakak biltzeko gai izango balira, seguraski jabeek kakak euren kabuz jaso zitzaten aginduko liekete. Pena bat da hori, momentuz behintzat, ezinezko izatea. Eta ezinezko den aldetik, badakigu nork hartu beharko zukeen txakurren gorputz hondakinak jasotzeko ardura –jabeak, noski-.
            Beraz, hau hemen idatzita ziurrenik gauza handirik aldatuko ez badut ere, ni bezala pentsatzen duen norbaitek hau irakurriko balu, zera eskatu nahiko nioke: norbait ikusten baduzu txakurra paseatzen eta bidea kakaz beteta uzten, esaiozu krisian bagaude ere, kaka biltzeko poltsak ez direla garestiak eta zerri fama ez irabazten lagunduko diotela.
            Bestalde, txakurra paseatzera atera eta kakak kalean uzten dituen horietakoa bazara, gogoratu: hormigoia ez da haziko, ez du ongarririk behar.

Lierni

No hay comentarios:

Publicar un comentario